Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Lizartza
2008ko abenduak 5, Ostirala

;2008-09-07; HITZALEAN. Pott jauna. KARLOS LINAZASORO. (Tolosa, 1962)

Pott jauna

Hitzalean

Karlos Linazasoro

(Tolosa, 1962)

Pott jauna mendi-bueltaska egitetik dator, hortzak orbelez mukuru.

Uda da, gorri-gorria, eta Pott jauna aspaldi jubilatu zen.

Bakarrik bizi da Pott jauna, etxe ttiki goxo batean, liburu ugariren konpainian. Inoiz ez zen ezkondu, ez du seme-alabarik izan, baina mendia du maitale, eguzkia etxeko erregin, ilargia gau luzeetako zaintzaile pinpirin.

- «Ez dut ezer gehiago behar!».

Horixe esaten dio bere buruari igande arratsaldeetan, bakar xamarturik sentitzen denean, futbolak haize bortitzak loretxoak astintzen dituen bezala astintzen baititu kaleetako ibiltari dotore guztiak. Eta Pott jaunari ez zaio gustatzen tabernetara sartu eta telebistari begira jartzea, tonto-tonto, garrasika eta haserre, hainbat gizaseme ikusten dituen postura berean.

Nahiago du arrantzara joan, Airo ibaira, amuarrainak harrapatzera. Edo geltokira bestela, trenak nola pasatzen diren ikustera, laino potoloetan bilduak.

Etxean, lehen, maketak egiten zituen: piratontziak, arrantzontziak, belaontziak, auto antigualekoak, motorrak, baita etxetxoak ere. Artelan benetan bikainak burutzen zituen, ikusgarriak. Gero, lagunei oparitzen zizkien, auzoei, alkateari, basozainari, maite zuen jende guztiari.

- «Mila esker, Pott jauna!».

- «Ez da ezer. Ondo segi. Nahi duzun arte!».

Urtetan aurrera egin ahala, ikusmena dexente galdu zuen, eta eskuetan dardarizoa azaldu zitzaion. Utzi egin behar izan zion maketak egiteari, beraz.

Pott jauna ez da mihiluzea, ez ditu jende-uholdeak atsegin, bakar-bakarrik galtzen da mitxoletaz lehertutako belazeetan. Bazterrak zaintzea du atsegin, bidezidorrak, errekastoak, arbolen hezur- dura, soroetako usaina, hiriko lorategi gardenak.

Pott jaunak ez du automobilik, beti oinez ibiltzen da batetik bestera, mandatuak egiten, botikara joan behar duenean edo merkatura, pauso luze arinez, arnas urdin-urdina hartuz.

Egunero entzuten du irratia, egunero bisitatzen ditu zahar-etxeko lagun gaixoak, egunero bazkaltzen du Koxmerenean.

Aspaldi, orain urtebete, zakarrontzi handi bat erosi zuen, lau zatitan banatua. Balkoian ipini zuen. Koxmeri ikusi zion jatetxean, eta zertarako zen galdetu zion:

- «Zakarra banatzeko, Pott jauna. Zakarra birziklatzeko».

- «Horiek lanak, horiek!».

- «Merezi du Ama Lurrak horrenbeste!».

- «Egia! Oraintxe noak bat erostera!».

Eta egun harez geroztik, zabor-banaketa egiten du etxean Pott jaunak, naturak eskertuko diolakoan.

Ostiralero-ostiralero egiten du hustuketa auzoko zaborrontzietara, arratsaldeko zortziak jo ondoren. Poltsatxoak txukun-txukun itxi, eta aldapa jaisten du edukiontziak dauden tokiraino.

Hogeita hamasei eskailera jaisteko, eta hogeita hamasei eskailera igotzeko. Horiek denak, gehi hirugarren solairutik jaisteko zein hara igotzeko igaro behar dituen beste hirurogeita bostak, ze Pott jaunaren etxean ez baitago igogailurik. Zenbat diren denera, beraz? Bada, hirurogeita hamabi gehi hirurogeita bost bider bi; hau da, berrehun eta bi eskailera.

Auzoa, handia da-eta, zaborrontziz beterik dago. Sei, zortzi, hamar, hamazazpi, Pott jaunak eskailerak bai, baina edukiontziak ez ditu sekula kontatu. Lurpean ere ipini dituzte berriki halakoak, besteak baino askoz ere politagoak Pott jaunaren ustean, guttiago ikusten diren kariaz.

Koloretakoak. Kolore desberdinetakoak.

Urdinak, berdeak, horiak, zabor organikoa botatzeko, arropa erabilia uzteko... Denak balio orain nonbait birziklatzeko!

Berrehun eta bi maila maila asko dira, ordea, Pott jaun agurearentzat, eta ostiral askotan nagikeriak jotzen du, alferkeria txoro batek, eta jaitsi-ez-jaitsi ibiltzen da zalantzan, bere hezur nekatuekin borrokan. Gainera sargori dago gaur, uda izerdi patsetan dago.

Urteak! Urteak eta urteen ajeak!

Baina ez dio bere buruari barkatzen. Ama Naturarengatik egin beharra dago ahalegintxoa. Gainera, eredu izan behar du auzoan, bai baitaki oraindik jende askok ez duela zaborra bereizteko lanik hartzen.

Eta zer lan da ba beirak eta plastikoak eta egunkariak eta arropak eta bestelako hondakinak bereiztea!

Horrexegatik, Pott jaunak laurogeita sei urteak ondo beteak dituen arren, eta bistatik gaizkitxo dabilen arren, eta berrehun eta bi eskailera igo-jaitsi behar dituen arren, eta bero sargoria dagoen arren, ostiralero-ostiralero egiten du txangoa, eskuetan lau edo bost poltsatxo daramatzala, inoiz hutsik egin gabe.

Gaur ere, ostirala denez, Pott jauna balkoian dabil.

Bapo afaldu du, txerri txuleta eder bat, gazta, intxaurrak eta ogia.

Poltsatxoak prestatu ditu gero, kontu handiz: batean, zabor organikoa; bestean, beira; hirugarrenean, paperak eta kartoi-atalak; laugarrenean, esne-ontzi eta halakoak.

Eta gaur, beste bosgarren bat ere bai, erabiltzen ez zituen bi jertse zeuzkan-eta armairuan.

Denak hartu, eta hirurogeita bost maila jaitsi ditu aurrena, eta gero beste hogeita hamasei. Aitaren batean egin du beheranzko bidea, batere hezurreko minik gabe. Zaborrontzietara hurbildu da.

Berde kolorekoa egokitu zaio lehena, beirarena. Hantxe, kontu handiz, paperak eta kartoiak bota ditu. Urdinean, botilak bota ditu, banaka-banaka, zaratarik ateratzeke. Horian, beti bezala, zabor organikoa bota du, eta zabor organikoaren ontzian, berriz, esne-potoak eta tetrabrikak. Jarraian, arropaontzira joan, eta hantxe utzi ditu bi jertseak, ongi-ongi tolestuak.

Bukatzean, izerdia kendu du kopetetik, arnas hartu du sakon-sakon, begien parean dauzkan hogeita hamasei mailadi pikoei begira, eta gero irribarre pozezkoa egin du, ase-asea, Ama Naturak ahalegintxoa eskertuko diolakoan.

Eguzkiak, beherantz datorrela, su hartu duela dirudi.

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.